
2018 AZAROA 16 • JASANGARRITASUNA
Energia % 100 berdea Uvesco Taldean
Uvesco Taldean jauzi bat egin dugu jasangarritasunarekiko gure konpromisoan, Iberdrolarekin egin dugun hitzarmenarekin; horri esker, energia % 100 berdea duen lehen banaketa-taldea izatea lortu dugu. Epe luzerako energia-salerosketari dagokion hitzarmena da (ingelesez PPA, Power Purchase Agreement), aktibo berriztagarrietan oinarritutako argindar-hornikuntzarako. Hitzarmen hori Espainian energia-enpresa batek eta banaketa-talde batek sinatzen duten lehen PPA da.
Kontratu horrekin, Uvesco Talde osoak, BM Supermerkatuak eta Super Amara entseinak barne, urtean 26.700 tona CO2 emisio saihestea lortuko du; horrela, ekonomia deskarbonizatzeko estrategiari lagunduko dio taldeak.
Energia-hornikuntzaren % 100 izango da berriztagarria, eta Iberdrolak Usagren (Badajoz-Extremadura) eraikiko duen Nuñez de Balboa eguzki-plantatik eskuratuko da. 391 MW-ko gaitasunarekin, Europako proiektu fotovoltaiko handiena izango da.
Zera nabarmendu du Jose Ramon Fernandez de Barrena Uvesco Taldeko Zuzendari Nagusiak: “hitzarmen honi esker, energia % 100 berriztagarria izango duen lehen elikagai-enpresa izango gara, eta gure ingurumen-aztarna murrizteko aukera emango digu; izan ere, jasangarritasunarekiko gure konpromiso nagusietako bat, hain zuzen ere, energia-kontsumoa murrizteko ordezko aukerak bilatzea da”. Fernandez Barrenak gogoratu duen bezala, “etengabe hazten ari den enpresa gara, eta gure aurreikuspena da denda kopurua handitzen jarraitzea; beraz, energia-kudeaketa jasangarriago baterantz ere hazi behar dugu".
Beste neurri jasangarri batzuk
Jasangarritasunarekiko gure konpromisoa ez da oraingo kontua. Azkeneko urteetan, energia aurrezteko beste neurri batzuk ere ezarri ditugu; hala nola furgoneta % 100 elektrikoak erosi ditugu, argi guztiak aldatu eta LED sistemako argiak jarri ditugu, eta supermerkatuetako hotz-sistema guztiak aldatu ditugu. Neurri horiekin guztiekin, urtean 360 tona CO2 gutxiago sortzea lortu dugu.
Gizarte-arloan, bestalde, hitzarmena dugu Elikagai Bankuekin, helburu bikoitza betetzeko aukera ematen diguna: alde batetik, ingurumen-aztarna murriztea elikagai-hondakinen kudeaketa nabarmen minimizatuz eta, bestetik, beharrizan handiena dutenei elikagaiak eskuratzeko aukera ematea.