KONPROMISOA DUGU TOKIKO ETA SASOIKO PRODUKTUEKIN

Uvesco tokikoa eta osasungarria

Gure oinarrietako bat tokiko produktuarekiko konpromisoa da, eta sendo lotuta dago gure gizarte eta lurralderako balio positiboak dituen kalitatezko produktu bat eskaintzeko dugun bokazioarekin.

Tokiko produktuak eskaintzeko dugun helburuak gure hornitzaileekin lankidetza, koordinazio eta harreman estua izatera garamatza, produktuaren eta elaborazio lanaren atzean dauden historia eta pertsonen gaineko ezagutza sakona izateko.

IRAUNKORRAGOAK, 0KM-KOAK GARELAKO

Konpromisoa dugu tokiko eta sasoiko produktuekin

Hornitzaileengandik oso hurbil gaude, gure balio katean funtsezkoak baitira, eta horrek lehen sektorearen eta landa eremuaren errealitate konplexua ezagutzeko aukera ematen digu, baita sektorearen kontserbazioa eta garapena errazteko laguntza eta tresnak emateko aukera ere. Gure sorburutik bertatik datorkigu tokiko produktuarekin dugun konpromisoa, eta hainbat eragin dakartza, Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuen eta Europako Batzordearen “Baserritik Mahaira” Estrategiaren ildoan (Itun Berdea).

ESKUALDEARI BALIOA ETA ABERASTASUNA EMATEN LAGUNTZEA

INGURUMENA BABESTEA ETA ERAGINAK MURRIZTEA

LEHEN SEKTOREAREN ETA LANDA INGURUNEAREN KONTSERBAZIOA SUSTATZEA

KALITATEZKO ELIKAGAI OSASUNGARRIAK ESKAINTZEA

ALIANTZAK LEHEN SEKTOREAREKIN

Tokiko hornitzaileei egindako erosketak

Gure ezarpen eremuetako ekoizleekin aliantza eta akordio sare bat dugu, gure sektorearen garapen ekonomikoan eragin zuzena izateko. Batetik, nekazaritza eta abeltzaintza sektorearekin egin ditugu akordioak, gure dendetatik hurbil dauden produktuak salerosteko, eta, bestetik, Kantauriko arrantza kofradiekin, egunero lonjetako arraina merkaturatzeko.

Zuzeneko akordioak ditugu laurehun nekazari, abeltzain eta egile txiki baino gehiagorekin, zeinek inguruko saltokietan banatzen baitituzte beren produktuak –batzuek egunero eta modu zuzenean–.

ONDARROAKO ARRANTZALEEN KOFRADIA

LASARBI ABELTZAINEN ELKARTEA

EUSKADIKO UNTXI EKOIZLEEN FEDERAZIOA

HONDARRIBIKO DONE PEDRO MARINELEN KOFRADIA

IDIAZABAL JI, ERRONKARI JI ETA IDIAZABALGO MENDIKO GAZTA

SANTOÑAKO ETA LAREDOKO ARRANTZALEEN KOFRADIA

BARAZKI FRESKOEN ZERBITZUA MADRILEN

KANTAURIKO LEGATZA

%100

TOKIKO TXAHALA

%100

ARTISAU GAZTAK

50

KALITATE GORENEKO ARRAINAK

Kantauriko kostaldearen balioa erakutsiz

Uvesco Taldearen kokapen estrategikoari esker, hau da, Kantauri itsasoaren ondoko eremu naturalari esker, oso harreman sakona daukagu ontziekin, lonjekin, arrantzaleekin eta Kantauri itsasoarekin, eta, hedaduraz, lehen mailako arrainak eskura ditzakegu. Hala, eguneroko harremana dugu Kantauriko portu nagusiekin: Hondarribia, Ondarroa, Bermeo, Santander, Santoña, Laredo, Castro Urdiales eta San Vicente de la Barquera. Horrek guztiak aukera ematen digu aberastasun natural eta iraunkorreko iturri bat edukitzeko, lonja horien jarduera ekonomikoa sustatzeko, eta kalitate goreneko produktua bermatzeko saltoki guztietako arrandegietan.

MADRILGO NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN EKOSISTEMAN TXERTATZEA

Tokiko produktua sustatzea Madrilgo Erkidegoan

BM Supermerkatuak Madrilen hedatzeko prozesuaren ondorioz, urratsak egin dira Madrilgo nekazaritzako elikagaien ekosisteman integratzeko, Uvesco Taldeak eskualdearekin eta lehen sektorearen eta 0KM-koaren dinamizazioarekin duen konpromisoa gauzatzeko.

BM FOROA

Konpromiso horren esparruan, BM Foroa antolatu genuen, non Madrilgo nekazaritzako elikagaien sektoreko 150 eragile baino gehiago elkartu ziren, merkatuaren egoera, joerak eta bilakaera aztertzeko. Imidrako finkan (Madril) egin genuen topaketa horren helburua izan zen nekazaritzako elikagaien euskal sektorearen balio kate osoa biltzea eta landa garapena, ingurumena, tokiko ekonomia eta zaintza soziala bultzatuko dituzten proiektuen garapena sustatzea, enpresak tokiko ekoizleekin eta elikadura osasungarriarekin duen konpromisoaren barruan.

ERABATEKO BERMEA DUEN PRODUKTU FRESKOA

BERTAKO / DEAQUÍ: Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako, Kantabriako, Errioxako, Madrilgo eta Avilako tokiko ekoizleek ekoizten eta merkaturatzen dituzten produktuak identifikatzen ditu.

SELECTA: Izendapen hori jasotzen dute kasu bakoitzean ezarritako kalitate eta berme baldintzak eta ekoizpen eta manipulazio irizpide iraunkorrak betetzen dituzten sasoiko eta ahalik eta jatorri oneneko produktuek.

BASERRIKOA ETA SASOIKOA: Nekazaritzako ustiategi txikietako frutak eta barazkiak balioan jarri nahi ditu, produktu horiek saltokietan zuzenean edo Zentralaren bidez salduta.

ELIKADURA, OSASUNA ETA ONGIZATEA DIRELA-ETA GERO ETA KEZKA HANDIAGOA DUTEN HERRITARREI ERANTZUNEZ

Elikadura osasungarria eta kalitatezkoa

Elikadura osasungarri eta kalitatezkoarekin dugun erantzukizuna, beraz, ekintza hauen bidez gauzatzen dugu: Bezeroen hautatzeko gaitasuna erraztuta (hornidura askotarikoaren, lehen mailako marken, marka propioaren eta neurrira egindako eskaintzen bidez). Produktuen kalitate eta berme kontrolak betetzen direla bermatuta. Saltokietan eskura dauden produktuek osasunerako dituzten onurak eta propietate nutrizionalak jakinarazita. Bakarrik produktu osasungarriak erakusteko eta saltzeko diren espazioak eta lineak jarrita. Erakusmahaietan produktu freskoaren espezializazioaren alde apustu eginda.

ELIKAGAIEN PROPIETATE NUTRIZIONALEI ETA ONURAGARRIEI BURUZKO INFORMAZIO INTERESGARRIA ZABALTZEKO PROGRAMA

Zainduz bizi

Kalitatezko elikaduraren balioak indartzeko eta kontsumo arduratsua sustatzeko, Uvesco Taldeak zabalkunde programa bat dauka, non Medikuntza eta Nutrizioaren arloko doktore batek informazio interesgarria identifikatu eta zabaltzen baitu elikagaien propietate nutrizionalei eta onuragarriei buruz. Programa horrek, “Zainduz bizi” esapidearen pean, kontsumitzailearen ezagutza hobetzen du, haren hautatzeko gaitasuna handitzen du eta gizartean kontsumo iraunkorra eta osasungarria sustatzen du, baita osasunaren eta ongizatearen kultura ere. Gainera, Super Amararen bidez, kontsumitzaileek elikadurari eta osasunari buruzko aholkularitza zerbitzua dute. Zerbitzu horretan, Nutrizio arloko doktorearen laguntzarekin, nutrizioari, alergiei, elikadura intolerantziei eta kontsumo lehentasunei buruzko informazioa ematen da.

ZAINDUZ BIZI KIDS

2022an, “Zainduz Bizi Kids” programari ekin diogu berriro, 6 eta 14 urte bitarteko ikasleei zuzenduta, eta herritarrak elikadura ohitura osasungarrietan heztea eta joera hori sustatzea du helburu. Edizio honetan, guztira 20 ikastetxek parte hartu dute, eta, horrenbestez, 6.000 ikaslerengan izan du eragina. Programa hau askari osasungarriak eta nutritiboak banatzean datza -ikastetxe irteeretan ogitartekoak eta fruta banatu, gurasoentzako argitalpen didaktikoak egin, elikadura jarraibideen berri izan dezaten…-, baita ikasleekin dendetara bisitak egitean ere, aurrez aurre jasotzeko produktu freskoen berri. 2022an, 600 bisita egin dira, eta Lehen Hezkuntzako ikasleek zuzeneko harremana izan dute produktuekin: frutak, barazkiak, arraina, haragia…, haien jatorria, ezaugarriak eta propietateak ezagututa.

 

FRESKOAREN KALITATEA ETA ZAINTZA, JATORRITIK

Welfair ziurtagiria / Animalien ongizatea

Zigilu horren bidez, bermatzen da animaliak egoera onean eta sufritu gabe daudela.

Konpromiso horretan oinarrituta, ENACen egiaztatutako ziurtapen erakundeen bitartez, “Welfair / Animalia Ongizatea” zigilua gehitu diegu “Bertako / Deaqui” eta “Selecta” hegaztiki guztiei, eta, berriki, “Bertako untxia” saileko untxiari.

Era berean, txerri ontziratuaren Duroc “Selecta” zigilua sartzeko prozesuan gaude, prozesu osoan animalien ongizateari buruzko hainbat ziurtagiri baititu (homogeneizatu gabe oraindik).

Bestalde, ziurtagiriak indarrean dituzten behi ekoizleekin harremanetan ari gara, pixkanaka zigilu hori produktu guztietan sar dezaten.

ANIMALIA ONGIZATEKO ESTANDARRETAN HOBEKUNTZAK BULTZATZEA

Oilaskoaren Europako Konpromisoa (ECC European Chicken Commitment)

2022an, Oilaskoaren Europako Konpromisoarekin (ECC European Chicken Commitment) bat egin dugu, 2026rako oilasko freskoan, izoztuan eta gure “Bertako/Deaquí” markan osagaien %50 baino gehiago oilaskoa duten produktu guzti-guztietan animalien ongizate estandarrak hobetzeko. 19 herrialdetako 36 erakundek sustatutako itun bat da.

Horrela bada, konpromiso honek, egungo EBko legeak eta erregulazioak betetzeaz gain, ekoizpenean kalitate baldintza jakin batzuk hartzea ezartzen du, hala nola gehieneko biltegiratze dentsitatea ezartzea, hazkunde moteleko espezieak hautatzea eta ingurumena hobetzeko beste jarduera batzuk -argiztapen naturala eta airearen kalitatea, besteak beste-.

KALITATEZKO ELIKAGAIAK

Bio/Eko kategorien eta momentuan prestatutako plateren aldeko apustua

Bio/Eko produktuen kategoria gorantz doan kontsumo joera bat da, eta, horrek bultzatuta, 600 erreferentzia ere eskaini ditugu, bezeroak hautatzeko duen ahalmena sustatzeko konpromisoan sakontzeko, eskaintza berezitu eta berritzaile batekin, zeinak komunitatearen ongizatean ere eragiten baitu, kalitatezko produktuak direlako. Halaber, bat dator kontsumitzailearen egungo premiekin, gero eta kezkatuago baitago bere osasunarekin eta ongizatearekin, eta produktu mota horren kalitatea eskatzen eta balioesten baitu, azukre gutxi edo osagai naturalagoak dituztelako. Kalitatezko elikaduran pauso bat harago ematea izan da supermerkatu batzuetan “sukaldaritza fineko” sekzio berriak txertatzea (kontsumitzeko prest dauden plater beroak), eta momentuan bertan haragi errea prestatzeko labea zein lurrunezko sukaldea txertatzea harategi eta arrandegietako salmahaietan. Horren bidez, kontsumo osasuntsuaren balioak indartzen dira, produktu fresko, osasungarri eta “errazen” kontsumoa lehenetsiz, elikagai prozesatuak dituzten beste sukalde azkar batzuen aldean.

Uvesco tokikoa eta osasungarria

Konpromisoa dugu tokiko eta sasoiko produktuekin