GIZARTE ETA KULTURA SAREAN DUGUN ERAGINA

Uvesco soziala eta solidarioa

Gure balioetako bat bezeroekiko hurbiltasuna da. Gure saltokietan –gehienak egoitza guneetan daudenak– oso tratu hurbila izaten dugu bezeroekin, eta ezaugarri horrek, gure ibilbidean zehar, gure jarduera egiten dugun tokiko gizarte sarearekin eta komunitatearekin loturak ezartzera eraman gaitu. Gure konpromisoetako bat da, eta aukera ematen digu, zuzenean, gizarte sarean eragiteko eta gu gauden komunitateari gure balioaren zati bat emateko.

GURE ERAGIN KANALAK

Gizarte jardueretan parte hartzea eta behar handiena duten kolektiboei laguntzea

Gure konpromisoa gizarte jardueretan parte hartzera bideratzen dugu, non kirola, jarduera fisikoak eta elikadura egokia bultzatzen diren. Eta, halaber, egoera ahulean eta gutxiengoan dauden edo elikadura eskuratzeko zailtasunak dituzten kolektiboei laguntzea. Bestalde, kirol klubei eta kultura elkarteei lagunduz ere bultzatu dugu gizarte jarduera.

Pandemia urteak galga izan ziren gizarte jardueraren garapenean; baina, era berean, urte horiek aukera eman digute elkartasunaren alde egiteko eta gure ahaleginak behar handiena duten kolektiboetara eta Elikagai Bankuekin dugun lankidetzara bideratzeko.

ELKARTEAK ETA KOLEKTIBOAK

812.000€

FAMILIA UGARIAK

1.590.000€

ELKARTASUNA, KULTURA ETA KIROLA

1.109.000€

ELIKAGAI BANKUAK

566T

GURE EKARPENA

Elkarteei, familia ugariei, intolerantzia duten pertsonei, elikagai bankuei eta gizarte, kultura eta kirol jarduerei laguntzea

KOMUNITATEKO ELKARTE SAREA AKTIBATZEN

Hainbat elkarterekin ditugun akordioen bidez izan ohi dugu eragina komunitatean, eta horiei beren jarduera gauzatzen laguntzen diegu, eta, halaber, erakunde horietako bazkideei erosketetan aurrezteko aukera eskaintzen diegu.

Horrekin, kolektibo horiei laguntzeaz gain –ingurunearen gizarte eta antolaketa sarearen egonkortasunerako beharrezkoak ditugunak–, kalitatezko kontsumoa eta kolektibo horietako kide diren pertsonen eta familien ongizatea sustatzen dugu, erosketetan abantailak baitituzte.

Gure ezarpen eremuetako zeliakoen elkarteak

Nabarmentzekoa da urteetan zehar, gure ezarpen eremuetako zeliakoen elkarteekin dugun harreman jarraitua. Elkarte horiei babesa ematen diegu, beren jardueraren garapenerako lagungarriak dituzten etekinen bidez. Horrela, kolektibo horren onura bateratuan, bizi kalitatean eta ongizatean eragiten dugu. Baina azpimarragarriena da, akordio horren bidez, glutenarekiko intolerantzia duten gero eta pertsona gehiago babesten ditugula. Pertsona horiek elkarte horiei atxikita daude, eta gure supermerkatuetako erosketa guztietan deskontu berezi bat jaso dezakete.

“OKencasa”

Era berean, laguntza eskaintzen diogu “OKencasa”-ri, alegia, mendekotasuna duen pertsonaren bat ardurapean daukaten pertsonek osatutako kolektiboari. Erosketetan abantailak emanez laguntzen diegu; eta, hala, eguneroko erosketak egiteko zailtasunak dituen talde minoritario bati laguntzen diogu.

Hitzarmenak gizarte kolektiboekin

Era berean, inguruan kirol eta kultura jarduerak egiten dituzten gizarte kolektiboekin beste akordio batzuk ditugu, hala nola Irungo Santiagotarrak, Tafallako Peña Sport eta Castro Urdialeseko La Marinera.

Bezeroentzako abantailak

Era berean, bezeroen abantaila programaren bitartez, gure jarduerak eragina dauka inguruko beste enpresa batzuetan eta hango langileengan ere. Zehazki, honako hauekin gabiltza lankidetzan: Jasokunde Kooperatiba, Laguntasuna Kooperatiba, Volkswagen Nafarroa, Sociedad Vascongada de Publicaciones, Petronor, ITP Zamudio, Bridgestone, Bilboko Zubiarte Merkataritza Gunea eta DV harpidetza kluba.

ELIKAGAIETAN AURREZTEA

Pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lankidetzan aritzeak konpromisoa eskatzen du elikaduran gastu handia duten familiekin; adibidez, familia ugariekin eta glutenarekiko intolerantzia duten pertsonekin.

Era berean, bezeroak hautatzeko daukagun gaitasunari eusteko eta biztanleen beharren araberako produktu aukera izateko konpromisoaren esparruan, gure saltokiek elikadura osasungarrirako gune bat dute. Bertan, hainbat intolerantzia mota dituzten pertsonei zuzendutako marka eta produktu bereziak biltzen ditugu, kolektibo minoritarioen elikadura osatzeko beharrezkoak direnak.

Familia ugariak eta intolerantziak dituzten pertsonak

Hamar urte baino gehiago dira %5eko deskontu berezia eskaintzen duen programa bat garatu genuela, kolektibo horiek supermerkatuetan egiten dituzten erosketa guztietarako. 2022an, deskontu programa honi atxikitako 16.524 familia ugarik guztira 1.862.000 euro aurreztea lortu zuten. Bestalde, glutenarekiko intolerantzia duten pertsonei mesede egiten dien aurrezki programa Zeliakoen Elkarteekin lortutako akordioaren bidez gauzatzen da. Akordio hori indarrean dago BM Supermerkatuetan eta 2.831 pertsonak parte hartzen dute.

Uvesco osasuntsua; mesede egiten dizuten elikagaiak

Esan bezala, gure saltokietan elikadura osasungarrira bideratutako gune bat dago, eta bertan markak eta produktu bereziak biltzen dira, hainbat intolerantzia mota dituzten pertsonentzat eta kolektibo minoritarioen elikaduraren osagarri. Hala, glutenik gabeko produktu espezifikoen berrehun erreferentzia baino gehiago ditugu (galletak, magdalenak, ogia, pizzarako oinarriak, edariak…), baina osasuna eta elikadura zaintzen duten eta bezeroei zuzendutako beste bioproduktu batzuk ere baditugu, eta ez nahitaez intolerantziaren batekin lotutakoak.

Era berean, gero eta marka gehiagok adierazten dute beren artikuluak “glutenik gabekoak” direla. Jaki horiek saltokietako beste gune batzuetan egon ohi dira; beraz, kontsumitzaile guztiek produktuen osagaiei buruzko ahalik eta informazio gehien izateko helburua betetzen da. Gainera, produktu freskoarekin batera, intolerantziak dituzten pertsonek aukera handiagoa eta hobea dute beren beharretara egokitutako elikagaiak eskuratzeko.

EKINTZA SOLIDARIOAK

Elikagai Bankuekin dugun lankidetza berez hartu dugun konpromisoa da, eta hamar urte baino gehiago daramatzagu buru-belarri bi garapen helburu handi betetzeko asmoz. Batetik, eragina du bazterketa arriskuan dauden kolektiboen elikaduraren hobekuntzan, eta, bestetik, eragina du taldeak elikagaiak alferrik galtzeko joera murrizteko duen helburuan.

Bestalde, urterik urte, Elikagai Bankuek antolatzen dituzten kanpainetan ere parte hartzen dugu, eremu guztietako gure supermerkatuetan horretarako espazioak lagata, eta, hala, kolektibo horri ematen diogun laguntza indartzen dugu.

Elikagai Bankuari egunero emandako produktuak

2022an, 566T eman dizkiogu Elikagai Bankuari. Lankidetza horrekin, elikatzeko zailtasunak dituzten kolektiboei laguntzen diegu, eta, irabazteko inolako interesik gabe, produktuen bolumen bat bideratzen dugu egunero, eta horrek eraman gaitu Gipuzkoako elikagai emaile nagusietako bat izatera. Eta, horrez gain, konpromiso hori funtsezko jarduera da guretzat, iraunkortasunean eta ekonomia zirkularrean, elikagaiak alferrik galtzea saihesten baita.

Hain zuzen ere, aurten, gure Super Amara saltokietan egindako “Último minuto” programak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Elikagai Bankuaren aitorpena jaso du, Elikagaiak Alferrik Galtzearen aurkako Europako Astearen esparruan. Eta hala izan da bi helburu iraunkor betetzen dituen ekimena delako: behar handiena dutenei laguntzea -zehazki, 20.000 familiari baino gehiagori-, eta elikagaiak alferrik galtzeko joera murriztea, iraungipen programa kudeatuta.

Kultura solidarioa sustatzea, elikagaiak jasotzeko kanpainen bidez
Urtez urte, Elikagai Bankuek antolatzen dituzten Bilketa Handiko kanpainetan parte hartzen dugu. Sentsibilizazio eta laguntza lana egiten dugu, eta, hala, handitu egin ditugu elikagai bankuei egiten dizkiegun ekarpenak, partikularrek eta pertsona anonimoek egiten dituzten dohaintzen bitartez –dohaintza ekonomikoak edo produktu moduan egindakoak–.

Dendetako espazioa lagatzen dugu, bilketaren logistikaren berri ematen dugu, eta, gainera, bezeroen ekarpenen %7ko ekarpena egiteko konpromisoa dugu. Guztira, 2022ko maiatza eta azaroko kanpainetan, 569.754 euro eta 339 tona jaso ditugu, herritarrek emanda, eta horiek Elikagai Bankuen beharrei erantzuteko erabili ditugu.

GIZARTE ETA KULTURA JARDUERAK

Uvesco Taldearen Gizarte Erantzukizuneko Planak, halaber, gure konpromisoa dakar honako hauekiko: gure inguruko gizarte eta kultura jarduerak garatzea, behar handiena duten kolektiboekiko elkartasuna bultzatzea, eta emakumearen parte hartzea zein garapena eta herritarren ongizatea hobetzea sustatzea, betiere, ohitura osasungarriak sustatuta.

Lankidetza Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearekin (AECC)

Hainbat kanpainatan parte hartzen dugu. Alde batetik, BM Supermerkatuetako saltokien bidezko sentsibilizazioa, Larruazaleko Minbiziaren Mundu Eguna eta Bularreko Minbiziaren Mundu Eguna direla eta.

Kanpaina horien ondorioz, sentsibilizazio lana egiteaz gainera, 6.800 euroko dohaintza egin diogu AECC elkarteari, gaixotasun horrek eragindako familien bizi kalitatea hobetzeko.

Era berean, Super Amararen bidez, “Lazos que unen” ekimenaren hirugarren edizioan parte hartu dugu –minbiziak jota daudenen eta Gipuzkoako gizarte eragileen artean entzute espazioak sortzeko helburua duen ekimena–, bai eta Donostian Minbiziaren aurka egindako lasterketan ere.

Hipertentsioaren Mundu Eguna (maiatzak 17)

Aurten ere, Hipertentsioaren Mundu Egunean parte hartu dugu (maiatzaren 17a), Erizaintza Elkargo jakin batzuekin lankidetzan, eta prebentzio eta informaziorako stand bat izan dugu, lanean dihardugun probintzia guztietan –Madrilen izan ezik–. Garapen Iraunkorreko Helburuetako baten ildotik doan konpromisoa da; hots, 3. GIH Osasunaren eta Ongizatearen alde egitekoaren ildotik. Elikadurarekin eta ohitura osasungarrien bidez hobetu daitekeen gaitz bat prebenitzen laguntzea da asmoa.

Gabonetako bi kontzertu antolatu ditugu, Bizkaian eta Gipuzkoan

Bilboko Koral Elkartearekin dugun akordioaren bidez, BM Gabonetako Kontzertu Solidarioa antolatu dugu, Euskalduna Jauregian, eta, aurten, Aspanovasen mesedetan izan da (minbizia duten haurren familiei laguntzeko elkartea), 2.500 euroko dohaintzarekin.
Baita Super Amararen XVII. Gabonetako Kontzertu Solidarioa ere, Mocedades eta Los Panchosekin, Donostiako Kursaalean, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoaren alde (sufritzen eta bakarrik sentitzen diren pertsonei laguntzeko elkartea). 7.420 euroko dohaintza.

Chillida Lekuren udako programa babestea

Akordioa Chillida Lekurekin, udako programan parte hartzeko eta erakundeak antolatzen dituen kultura ekimenak laguntzeko.

Donostiako Orfeoiaren 125. urteurrenean parte hartzea

Chillida Leku Museoarekin egindako akordio baten bidez, Donostiako Orfeoiaren 125. urteurrenean parte hartu dugu, Madrilgo Auditorium Nazionalean emandako kontzertu esklusibo batean.

UNICEFerako dohaintza kanpaina

UNICEFen bidez, herritarren dohaintza kanpaina batean parte hartu dugu, gure supermerkatu guztietan, Ukrainako gerrak eragindako laguntza humanitarioaren beharrak arintzeko. Laguntza horien zenbatekoa (91.000 euro guztira) haurren beharrei erantzutera bideratu zen, edateko urarekin, oinarrizko elikagaiekin, sendagaiekin eta gizarte laguntzarekin.

Beste kultura eta gizarte jarduera batzuk

Kultura eta gizarte arloko beste jarduera askotan parte hartu dugu, eta han izan gara, ekitaldiak egiteko materiala edo produktuak ematen.

BABESLETZAK ETA KIROL KLUBAK

Bizimodu osasungarriak ezinbestean behar du bizitza aktiboa izatea eta ariketa fisikoa egitea. Horregatik, kirola sustatzen duten taldeak lehentasunezko lankidetza ardatza dira Uvesco Taldearentzat. Eta, beraz, hitzarmenak ditugu hainbat klub eta elkarterekin. Hitzarmen horiei esker, indartu egiten dugu bizimodu osasungarriaren balioak sustatzen dituzten, eta, gainera, gizarte kohesioa, errespetua eta berdintasuna sortzen duten jarduerekin dugun konpromisoa.

Kirol klubak
  1. Real Sociedad de Futbol
  2. Real Union Club de Irun
  3. ACT Eusko Label liga
  4. Hondarribia Arraun Elkartea
  5. Emakumeen BM Bilbo Santutxu
  6. Isuntza Arraun Elkartea
  7. Eibar Kirol Elkartea
  8. Athletic Club
  9. Deportivo Alaves
  10. Bidasoa Eskubaloi Kirol Kluba
  11. Txirrindularitzako Euskadi Fundazioa
  12. Super Amara BAT
  13. Super Amara Bera Bera
Realzale programa

Gainera, Realaren “Realzale” programan parte hartu dugu, eta 2022an 8.900 bezerok lortu dituzte onurak. Akordio horri esker, BM eta Super Amara supermerkatuetako bezeroek deskontuak lortzen dituzte klubeko bazkideen urteko bonuan.

KIROL JARDUERAK ETA OHITURA OSASUNGARRIAK

Klubekin egindako akordioez gain, 2022an, herritarren parte hartzea duten beste jarduera batzuetan esku hartu dugu.

Esku hartze hori, oro har, oinezkoen lasterketetan eta tokiko kirol ekitaldietan dago oinarrituta –bereziki, emakumeen edo haurren parte hartzea bultzatzen dutenak edo helburu solidarioak sustatzen dituztenak–. Jarduera horietan, hornidura poltsak ematen ditugu parte hartzaileentzat (barratxo energetikoak, ura, frutak…), puzgarriak eta helmugako arkuak jartzen ditugu, eta ekitaldietarako materiala ekoizten dugu (elastikoak, biserak…).

Ildo horretan, hornidura guztiak oihalezko poltsa berrerabilgarrietan eman ditugu; era horretan, baztertu egin ditugu plastikoz egindako poltsak eta ingurumen aztarna murrizten lagundu dugu.

2022KO HORNIDURA POLTSAK: 96.940

Uvesco soziala eta solidarioa

Gizarte eta kultura sarean dugun eragina