GURE JARDUERAREN ERAGINEN AZTERKETA

Uvesco iraunkorra eta eraginkorra

Uvesco Taldean Erantzukizun Plan Estrategikoa daukagu, non, gure balio eta zutabeetatik abiatuta, guretzat lehentasuna duten iraunkortasun arloko jarduera esparruak definitzen ditugun.

Plan honek helburu hauek ditu: alde batetik, gure indarguneak detektatzea eta gure jardueraren eraginen azterketan sakontzea, eta, bestetik, erakunde, instituzio eta entitateekin aliantzak egitea, iraunkortasunaren esparruan aurrera egiteko eta gure eraginak murrizteko asmoz.

LOGISTIKA, LEHENTASUNEZKO ARDATZA

Karbono aztarna murriztea: ardatz estrategikoa

Logistika funtsezko zutabea da banaketaren sektorean. Horrek bi eragin mota ditu ingurunean: lehena, zentral logistikoetatik saltokietara egunero eginez banaketa; eta bigarrena, saltokietatik bezeroen etxeetara banatuz -urtez urte asko handitzen ari den banaketa mota da, e-commercearen eta erosketa fisikoki bertan egiten duten, baina erositakoa etxera eramatea nahiago duten pertsonen goraldiaren ondorioz-.

URRATS ERABAKIGARRIA ARLO LOGISTIKOAN

Plataforma logistiko bat abian jartzea Madrilgo Erkidegoan

Bestalde, 2022. urtea, arlo logistikoan, pauso erabakigarri batek markatu du: Madrilgo Erkidegoan plataforma logistiko bat abian jarri dugu, eta hori erabaki estrategikoa bada ere, erkidego horretan gure garapenean aurrera egingo dugulako, eragin zuzena dauka gure iraunkortasunaren kudeaketan, gaur egun eta etorkizunean joan-etorriak murrizteko eta optimizatzeko aukera ematen baitigu, eta hori lagungarria da gure karbono aztarna murrizteko.

GARRAIO IRAUNKORREKO ETA MUGIKORTASUNERAKO MODU BERRIAK

%100 motor elektrikoa duten eta/edo hibrido entxufagarriak diren hainbat kamioi jarri ditugu zirkulazioan

Garraio iraunkorreko eta mugikortasunerako formula berriak bilatzeko ahaleginean, 2022an, proiektu pilotu bat egin dugu, %100 motor elektrikoa duten eta/edo hibrido entxufagarriak diren hainbat kamioi zirkulazioan jarrita, hainbat fasetan. Kasu guztietan, kamioiak Irungo (Gipuzkoa) lantegi logistikoan probatu ziren, Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako dendetako eguneroko zerbitzu ibilbideetarako.

BANAKETA IRAUNKORRAGOA

Etxez etxeko zerbitzuaren banaketa iraunkorragoa, bai Internet bidezko erosketena, bai supermerkatuetan egindakoena

Dendatik etxez etxeko banaketa iraunkorragoa egitean datza; alegia, Internet bidezko erosketak zein modu fisikoan egiten direnak. Horrela, ibilgailu mota horiek baliatuta, oinez eta bizikletaz banatzearekin batera -saltokietatik hurbilen dauden eta motzenak diren ibilbideetarako-, etxez etxeko zerbitzuko joan-etorrien %28 iraunkorrak izatea lortu dugu, eta horrek zuzenean eragiten du karbono aztarna murriztean. Super Amararen kasuan, berriz, banaketa iraunkorraren zifra hori %100era iristen da. Konpromiso hori supermerkatu jakin batzuetan ditugun ibilgailuak kargatzeko puntuekin indartzen da.

JOAN-ETORRI IRAUNKORRAK

%28

GIPUZKOAKO KARBONOAREN BORONDATEZKO FUNTSERA ATXIKITZEA

Karbono aztarnaren konpentsazioa

Naturklimak (Gipuzkoako klima aldaketarako fundazioa) sustatutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Gipuzkoako Karbonoaren Borondatezko Funtsera atxiki gara. Horrekin, gure aztarna murrizteaz gain, gure karbono aztarna konpentsatuko dugu, murriztu edo ezabatu ezin dugun zatiari dagokionez.

Lehen urte honetan, gure isuriak %5 konpentsatzeko konpromisoa daukagu, eta hori Etxolazarretako finka basoberritzeko erabiliko dugu, Irungo (Gipuzkoa) Aiako Harriak parke naturalean, zeina 2020ko amaieran sute baten ondorioz suntsitu baitzen.

 

ISURI KONPENTSATUAK

%5

ENERGETIKOKI %100 IRAUNKORRA DEN SUPERMERKATU EREDUA

0 CO2 isuri, kontsumo elektrikoagatik: erronka bete dugu

2020. urtearen erdialdetik aurrera, Uvesco Taldean kontsumitzen dugun energia elektrikoaren %100 iturri berriztagarrietatik dator, eta, beraz, kontsumo elektrikoagatik 0 CO2 isuri ditugu, eta, hala, energiari dagokionez %100 iraunkorra den supermerkatu eredua izateko erronka bete dugu. Konpromiso horri esker, aurreztearekin lotutako energia eraginkortasunerako neurriekin batera, 22.258 tona CO2 isurtzeari utzi diogu, eta ekonomiaren deskarbonizazio estrategian lagundu dugu (2022an kontsumitutako 95,94 Gwh-ren pare).

KONTSUMITUTAKO ENERGIA ELEKTRIKO BERRIZTAGARRIA

%100

ENERGIA KONTSUMOA AURREZTEA ETA MURRIZTEA

Supermerkatu eko-eraginkorrak

Energiaren arloko kudeaketak, halaber, aurreztean eta kontsumoa murriztean eragiten du -esaten dugun bezala, kontsumitzen ez den energia delako onena-. Hori guztia saltoki eta plataforma logistikoak hobetzeko inbertsioaren bidez lortzen da, hala nola argi zaharrak kendu eta LED argiak jarrita, instalazio elektrikoak berrituta eta hotzeko eta izoztutako produktuetarako altzariak jarrita, energia elektrikoa hobeto aprobetxatzeko aukera ematen baitute.

 

URTEAN AURREZTU DUGUN ENERGIA

147.575KWh

ARGIZTAPENEKO INBERTSIOA

36.856€

HOTZEKO ALTZARIETAKO INBERTSIOA

72.253€

HONDAKINEN KUDEAKETA ETA TRATAMENDUA

Elikagaiak alferrik galtzeko joera murriztea

Hondakinen kudeaketa eta tratamendua da gure iraunkortasun estrategiaren funtsezko beste zutabeetako bat. Egungo sistema –Irungo (Gipuzkoa) lantegi logistikoetan guztiz kontsolidatua– Nazio Batuen 12., 13. eta 17. Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) bat dator. Horrenbestez, urratsak egiten jarraituko dugu, elikagaiak alferrik galtzeko joera murriztuko duten eta supermerkatuetan eta lantegi logistikoetan bereizketa bultzatuko duten neurri berriak ezartzeko erronkarekin.

Elikagai Bankuari egunero emandako produktuak

Gure Hondakinak Kudeatzeko Sistemaren lehen helburua hondakinen sorkuntza ahalik eta gehien prebenitzea da, iraungitze zorrotzeko egutegi baten bidez, eta, horren arabera, iraungitzekotan dagoen edo, beste edozein arrazoirengatik, saltzeko moduan ez dagoen dendako produktu oro salmentatik erretiratu, eta zentralera bueltatuko da, dendarako banaketa zerbitzu beraren bidez –itzulketa horrek optimizatu egiten du ibilbide logistikoa–. Era horretan, stocka eguneratuta izango dugu, eta berreskuratutako eta jateko modukoak diren produktuak baldintza onetan eta egunean bertan bidaliko ditugu Elikagai Bankura.

“Too Good To go” programa

Aplikazio mugikor bat da, eta dendako eguneroko produktuen soberakina aprobetxatzea ahalbidetzen du, prezioa jaitsita duten sortak salduta. 2022an, 109.851 sorta baliatu genituen guztira. Horrek, elikagaiak alferrik galtzea saihesteaz gain, 275 CO2 tona ez isurtzea ekarri du (munduaren inguruan egindako 54 hegaldiren baliokidea). Bestalde, kontsumitzaileek positiboki baloratutako esperientzia da, 10etik 8,5eko puntuazioarekin, gure zerbitzu bikaina eskaintzeko eta erosketa esperientzia onena lortzeko helburuarekin bat datorrena.

“Último Minuto” programa

Super Amara dendetan, saltzeko egokiak ez diren produktu guztiak (baina kontsumorako bai) zentralera itzultzeaz gain, “Último Minuto” izeneko programa ere badugu. Helburua da hainbat arrazoi direla tarteko zentralera itzuli ezin diren produktu guztiak eman ahal izatea. Programa horren bidez, 37.500 tona produktu baino gehiago eman dira, eta, konpromiso horri esker, 20.000 familia baino gehiagori lagundu ahal izan zaie, eta, gainera, ingurumenean izandako eragina murriztu dugu.

HONDAKINAK BEREIZTEA ETA BIRZIKLATZEA: KONPROMISOA EKONOMIA ZIRKULARRAREKIN

Ez sortzea ezinezkoa den hondakinei dagokienez, beharrezkoa da horiek behar bezala bereiztea eta tratatzea. Uvesco Taldean, konpromiso hori bete dugu, elikagaien banaketako gure jardueraren ondoriozko hondakin mota bakoitzari dagokion tratamendua emanda. Era horretan, gure lantegi logistikoan tratatu ondoren, inguruko beste enpresa espezifiko batzuetara bideratzen ditugu, beste material batzuk ekoizteko berraprobetxatzeko. Horren ondorioz, eragin positiboa sortzen da ekonomia zirkularrean eta balioaren sorkuntzan:

Kartoi, plastiko, porex eta egurrezko materialak
Ontziratutako elikagaiak
SANDACH haragia
SANDACH arraina
Organikoa –kontsumorako egokiak ez diren frutak, barazkiak eta ogia–
Errefusa

KAFE KAPSULAK BIRZIKLATZEA ETA BERRERABILTZEA: ERAGIN ZIRKULARRA

Uvesco Taldean, sortzen ditugun hondakinak ahalik eta hobekien kudeatzeaz gain, pauso bat haratago joan nahi izan genuen, eta bezeroei eta bizilagunei beren hondakinak ahalik eta erosoen eta errazen birziklatzen lagundu. Horrela, birziklatzeko edukiontziak jarri genituen salmenta gunean, beren izaeragatik zalantzak sorrarazten dituzten edo biltegiratzeko edukiontzi zehatzik ez duten hondakinentzat. Puntu garbi horietan, bezeroek kafe kapsulak, sukaldeko olioa, toner kartutxoak eta pilak utz zitzaketen. Edukiontzi horiek balio erantsia zuten, kafe kapsulekin eginda zeudelako, eta horrek proiektua zirkular bihurtzen zuen.

2022an, 1.194 kg kafe kapsula baino gehiago birziklatu ditugu, hots, 83.580 kapsularen baliokidea.

Bestalde, besteak beste, Iruñea, Getxo, Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Logroño eta Madrilgo udal eta mankomunitateekin akordioak ditugu, gure supermerkatuetan hondakin organikoen edukiontziak jartzeko.

Ekintza horiekin batera, 2022an, parte hartze aktiboa izan dugu Gipuzkoako Birziklapen Klusterrean (GK Recycling).

ZERO HONDAKIN: BIRZIKLATZEAREKIN DUGUN KONPROMISOA BALIOZKOTZEA

2022an hondakinen arloan egin genuen estrategia guztiaren ondorioz, AENORek (Normalizaziorako eta Ziurtapenerako Espainiako Elkartea) emandako “Zero Hondakin” bereizgarria berretsi dugu berriro, Irungo (Gipuzkoa) lantegi logistikoetan %95eko birziklapen tasa dugula egiaztatzen duena.

BIRZIKLAPEN TASA (IRUNGO LANTEGIAK)

%95

Bestalde, langileentzako eta bezeroentzako sentsibilizazio ekintzak gauzatu ditugu –behar handiz, gainera–. Beste ekintza batzuen artean, bigarren urtez jarraian eta Ecoembesek eta SEO BirdLifek sustatutako ekimenaren bidez, “1 m2 por la basuraleza” ekimena antolatu dugu, hondakinak jasotzeko boluntarioen jardunaldia, Sonabia hondartzaren ingurune naturalean (Kantabria).

NAZIO BATUEN MUNDU ITUNERA ATXIKITZEA

2022an ere beste pauso bat eman dugu gure konpromiso iraunkorrean, Nazio Batuen Mundu Itunera atxikita (NBEren ekimena, munduko enpresa iraunkortasuna gidatzen duena). Atxikimendu horrek ekintza arduratsuak gauzatzeko eta estrategia lau arlotan lerrokatzeko konpromisoa dakar: giza eskubideak, lan arauak, ingurumena eta ustelkeriaren aurkako borroka. Gainera, itunak 17. GIH helburua lortzeko aurrerapausoak emateko konpromisoa jasotzen du −helburuak lortzeko aliantzak−, tokiko erakundeekin zein beste enpresa batzuekin lankidetzan aritzea funtsezkoa baita iraunkortasunean aurrera egiteko.

BASQUE ECODESIGN CENTERRERA ATXIKITZEA

2022an, Uvesco Taldeak bat egin zuen Basque Ecodesign Centerrekin (BEdC). Eusko Jaurlaritzak sustatutako aliantza publiko-pribatua da, euskal enpresa sarean ekonomia zirkularrak aurrera egin dezan. Elkarte hori Europa hegoaldean erreferentzia poloetako bat da, ekodiseinu eta ekonomia zirkularraren arloan. Horrela, Uvescok beste aliantza bat egin du. Euskal Herrian erreferenteak diren eta Ihobe eta Spri erakunde publikoek koordinatzen dituzten hamasei enpresak baino gehiagok parte hartzen dute, beste behin ere, ingurumenaren iraunkortasunarekin eta babesarekin duten konpromisoa indartzeko asmoz.

BESTE LANKIDETZA PROIEKTU BATZUK

Aldi berean, beste erakunde batzuekin lankidetza proiektuetan parte hartu dugu, ingurumen gaietan aurrera egin ahal izateko:

ODSFOOD
URBANKLIMA 2050
ONTINFOOD
Basque Circular Summit
“Zirkularrak” Erakusketa

ONTZIEN DISEINUA ETA KUDEAKETA, IRAUNKORTASUN ESTRATEGIAREN FUNTSEZKO EZAUGARRIA

Eko-ontzien erabilera eta plastiko birziklatuaren aldeko apustua

2022an, ontzietatik erabat desagerrarazi da porexa, hots, birziklatu ezin den materiala.

Aldi berean, aurrerapausoak eman ditugu gure ontzietan birziklatutako plastikoa sartzeko prozesuan. Porex guztiaren ordez, %95ean birziklatutako PET plastikoa eta kartoizko erretiluak jarri ditugu. Era berean, egin berri den zukurako botilak %100 birziklatutako materialez egindakoak dira orain. Gainera, gure bezeroen artean berrerabilpena eta hondakinen murrizketa bultzatzeko, fruta eta barazki sareak eskaintzen ditugu denda guztietan.

 

ONTZIETAN BIRZIKLATUTAKO PLASTIKOA

%50

PAPER GEHIAGO AURREZTEA

Ordainagiri digitala

BM Supermerkatuen eta Super Amararen (SA) aplikazio mugikorren bidez, paperaren kontsumoa murriztea lortu genuen, lehenik eta behin, bonuak emanda eta mugikorrean deskontuak eginez, eta bigarrenik, ordainagiri digitalaren bidez. Ordainagiri digitalaren bidez, paperaren erabilera murrizten da, hala eskatzen duten bezeroek erosketa guztiak ikus ditzaketelako aplikazio mugikorrean, eta, era horretan, supermerkatuko kutxan ordainagiria inprimatzea saihestuko dute.

Gaur egun, gure saltokietako 41.365 bezerok dute ordainagiri digitala, eta, beraz, paperaren kontsumoa aurrezten ere laguntzen dugu.

 

ORDAINAGIRI DIGITALA DUTEN BEZEROAK, GUZTIRA

41.365

ORDAINAGIRI DIGITALA DUTEN BM-KO BEZEROAK

37.857

ORDAINAGIRI DIGITALA DUTEN SA-KO BEZEROAK

3.508

Uvesco iraunkorra eta eraginkorra

Gure jardueraren eraginen azterketa