
2016 AZAROA 23 • BM DENDA BERRIA
Lehendabiziko BM Shop denda irekiko dugu Gorlizen
Dagoeneko denboralditxo bat daramagu gure BM frankizien eredu berriari buruz hitz egiten, eta iritsi da BM Supermerkatuen lehenengo frankizia irekitzeko unea. Bihar irekiko ditu ateak Gorlizen (Bizkaia) lehenengo BM Shop denda; Javier Arberas Bilboko ekintzaileak zuzenduko du negozio hori eta, era horretan, proiektu honekin, banaketaren sektorean estreinatuko da.
300 metro koadroko azalera dauka establezimenduak, eta sei langile izango ditu. BM supermerkatuen filosofian oinarritzen da: 4.000 erreferentziatik gorako aukera zabalaren kalitatean; BM Supermerkatuek hiru hilabetez trebatutako profesionalen lantaldeak emango duen zerbitzu bikainean, eta produktu freskoen aldeko apustuan, tokiko eta eskualdeko katearen hornitzaile-sareekin lan eginez.
Azken batean, kalitatezko produktu freskoa eskainiko duen komertzioa da, haragiaren eta hestebeteen sekzioak protagonista izango dituena, bai eta frutaren eta barazkien eguneroko zerbitzua ere.
BM Supermerkatuetan jarraipena egin diogu frankiziadunari, eta lehenengo unetik eskaini diogu aholkularitza lokala bilatzeko, obra egiteko, bai eta tramiteetarako eta lizentziak eskuratzeko ere. Halaber, gure laguntza eskaini diogu langileak trebatzeko eta denda martxan jarri eta irekitzeko. Lankidetza hori premisa bat da gure frankizien ereduan. Horrela gogorarazten digu BM Frankizien buru den Valentin Corralek: “BM Shop denda izan nahi duten ekintzaileek gure etengabeko aholkularitza eta finantzazioan gure laguntza izango dute. Eredu berri hori babestu eta kudeatuko dugu, gure dendek dituzten estandar bikain berberak izan ditzaten”.
Zeure BM Shop denda irekitzea
Establezimendu hori frankizien ereduaren alde egin dugun apustuaren emaitza da; aurten jarri dugu abian eredu berri hori, BM Shop izenarekin. Beren supermerkatu propioa martxan jarri nahi duten Euskadi, Nafarroa, Kantabria eta Errioxako ekintzaileei zuzendutako plan horren helburua da komertzio txikiaren garapena sustatzea eta babestea.
Corralek zera dio: “dagoeneko Bizkaian eta Gipuzkoan hiruzpalau denda irekitzeko lanean ari gara; espero dugu datozen hilabeteetan irekitzea denda horiek. Hala ere, beste proiektu batzuk ere aztertzen ari gara, eta espero dugu horiek ere azkenean aurrera atera ahal izatea. Nolanahi ere, kalitatea da arduratzen gaituena, eta ez kantitaea. Gure markaren maila izango duten dendak nahi ditugu, eta hori lortzeko ari gara lanean”.