
2019 UZTAILA 10 • HITZARMENA
Uvesco Taldeak hitzarmena sinatu du Sabeco Banaketa enpresarekin, haren Bizkaiko 11 denda erosteko
BM Supermerkatuen sozietate nagusia den Uvesco Taldeak akordioa lortu du Sabeco Banaketa enpresarekin, hark Bizkaian dituen 11 Simply establezimendu erosteko; erosketa hori behin-betikoa izango da Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak baimena ematen duenean –gaur egun abian da prozedura–, eta legezko auditoretza-prozesua egiten denean. Hitzarmen horren ondorioz, denda horietan lan egiten dutenen % 100 hartuko ditu Uvescok bere lantaldean.
Udalerri hauetan daude erositako establezimenduak: Bilbon bost –Begoñan, Errekalden, Kanariar Uharteak kalean, San Inazion eta Santutxun–, Barakaldon bi –Gabriel Aresti eta Juan Garay–, Santurtzin beste bi –Mamariga eta Viñas–, eta beste bi Portugaleten –Peñota eta Los Llanos–. Ia 12.000 metro koadroko guztizko azalera dute 11 denda horiek.
Azkeneko erosketa honi esker, Bizkaiko marka liderra bihurtu da BM Supermerkatuak; presentzia sendoa du taldeak lurralde horretan, 90 dendarekin eta 4 BM Shop frankiziarekin, eta 1.594 profesionalez osatutako lantaldearekin.
Guztira, 222 establezimendu ditu Uvesco Taldeak –BM Supermerkatuak eta SUPER AMARA dendak kontuan izanda–, eta lau plataforma logistiko. 740 milioi euroko fakturazioarekin eta 4.569 profesionalez osatutako lantaldearekin itxi zuen aurreko ekitaldia taldeak. Bizkaian presente egoteaz gain, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan, Kantabrian, Errioxan, Madrilen eta Avilan ere badago.
Uvescorentzat kalitatean –produktu freskoa, bezeroarenganako zerbitzua eta aukera zabala– oinarritutako bere ereduaren hedapena indartzea dakar eragiketa honek, merkataritza-azalera handituz bezeroarengana hurbiltzeko; prozesu horretan dihardu taldeak bere ibilbideari ekin zionetik.
Izan ere, integrazioak osatutako historia du Uvescok; 1993an sortu zen, bi banaketa-enpresa batu ondoren: VES eta UNIALCO. Harrezkero, hazten joan da, ez bakarrik lokal berriak martxan jarrita, baita kate txikiak integratuta eta beste talde batzuetako dendak taldean sartuta ere, onenak izateko batzen jarraitzeko helburuarekin. Horrela, 2011. urtean, Bizkaiko Ercoreca katea sartu zuen taldean, 50 supermerkatuz eta 800 langile baino gehiagoko lantalde batez osatutako katea; 2017an, berriz, Madrilgo Autonomia Erkidegora jauzi egin zuen. Gigante katearen 16 supermerkatu erosi zituen han, eta 312 langile taldean sartu; Madrilgo mendialdean eta Avilan finkatutako katea da azken hori.