2026 IRAILA 03 • DOHAINTZA
BM Supermercadosek abandonatutako animaliak artatzen laguntzen du Madrilen
BM Supermercadosek ingurunearekiko konpromisoa izaten jarraitzen du. Horregatik, animalientzako janari lehor eta hezea eta higiene-produktuak jasotzen dituen 100 palet eman ditu dohaintzan. Madrilgo Erkidegoan izandako suteak kaltetutako eremuetako animalia abandonatuek eta arrisku-egoeran daudenek jasoko dute laguntza.
Produktu horiek animaliak babesteko hiru elkarteren artean banatu dira: Abrazo Animal, ANAA (Asociación Nacional Amigos de los Animales) eta Amigos CIPA Madrid. Elkarte horiek 2.000 animalia baino gehiagori ematen diete aterpea, zaintza eta laguntza urtero, eta laguntza oso-osorik erabiliko da beren instalazioetan aldi baterako dauden animalien eta maskoten oinarrizko beharrei eta zaintzari erantzuteko, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta animalien edukitza arduratsua, maskoten zaintza egokia eta animalien adopzioa sustatzen jarraitzeko.
Amigos CIPA Madrid elkartekoek laguntzaren garrantzia nabarmendu dute: «Sutearen ondorioz, gure instalazioetan animalia gehiago hartu behar izan ditugu. Kaltetutako eremuetatik zetozen animaliak dira, eta nonbait kokatu behar ziren; guk geuk erreskatatutako batzuk ere badaude, tartean baserriko animaliak, baina ez dira horiek gure jardueraren ardatz nagusia».
«Gainera, dohaintza honi esker, denbora batez estalita izango ditugu gure ardurapean dauden animalien beharrak», gaineratu dute. «Horrek ematen digun lasaitasunari esker, egiteke genituen eta orain arte ordaindu ezin izan ditugun albaitaritza-tratamendu eta -ebakuntza batzuei aurre egin ahal izango diegu».
Dohaintza hau BM Supermercadosek ingurunearekiko duen konpromisoaren beste erakusgarri bat da, eta, oraingoan, animaliak babesten laguntzeko oinarrizko baliabideak eskaintzea du helburu. BM Supermercadosek egiten dituen beste dohaintza batzuei gehitzen zaie; besteak beste, Elikagaien Bankuen bidez egiten ditu dohaintzak, bai eta dendetatik zuzenean ere, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei laguntzen dieten elkarte eta jantoki sozialei zuzendutako dohaintza-programaren bidez.